Teknologia, merkatu-joerak eta kontsumitzaileen nahiak etengabe eraldatzen ari diren munduan, konpainia askoren galdera estrategikoa da ea nola sustatu sormenaren eta berrikuntzaren kultura beren erakundeko estamentuetan. The Economist Intelligence Unit-ek egindako “The innovative company: How multinationals unleash their creative potential” azterketak konpainiek, berrikuntza beren sailetan eta nazioarteko eskalan sustatzen ahalegintzen direnean, izaten dituzten zailtasunak ikertu ditu.

Erakunde multinazionalek beren etorkizuna berrikuntzarako trebetasunarekin lotzen dute. Produktu eta zerbitzu berrien sorkuntza da beraien hiru lehentasun nagusietako bat, kostu-murrizketa edo talentuan inbertitzeko politiken aurretik. Halaber, negozio berritzaile bat deskribatzen duten hiru ezaugarri nagusiak hauek direla nabarmendu du: kide guztien ideia-ekarpena sustatuko duen enpresa-kultura, akatsarekiko tolerantzia handia eta lidergo indartsua. 

Txostenak azpimarratu du konpainiek galdu egin dezaketela berrikuntza-prozesuen parte handiago bat izateko gaitasuna, beren profesionalen komunikazio-gaitasunetan konfiantza-mugapenak sortzen badira, batez ere beste herrialde batzuetako lankideekin informazio-prozesuak egiten dituztenean.

Hesi edo mugak

Halaber, hierarkiazko hesi bat identifikatu da ideiak trukatzeko prozesuan. Zuzendariak politika honen bultzatzaile leialak diren bitartean, tarteko aginte-mailetan (manager eta sailburuen artean) ia %20 murrizten da interakzioa.  Egoera honek zalantzak sortzen ditu ea berrikuntza-prozesu formaletan parte har dezaketen edo ez profesional guztiek.

Txostenak identifikaturiko beste arazo mota bat “kultura-hesiak” deiturikoak dira: parte-hartzaileen %87k dio kultura-lankidetzak ideia berritzaileak sortzen dituela, baina %50ek esaten du kultura-artekotasunak zailtasunak sortzen dituela horiek trukatzeko orduan. 

Kultura sortzailea (non langileak proposamenak aurkeztuz parte hartzera estimulatuta dauden eta akatsarekiko tolerantzia handia dagoen) ere ahuldu egiten da. Bertan jasotzen denez, enpresa parte-hartzaileek azpimarratzen dute beren korporazioetan ez dela indartzen akatsaren kultura, ez dela behar beste sustatzen profesionalen parte-hartzea ideien aurkezpenean, eta esperimentaziora dedikaturiko denbora-gabezia dagoela.

Txostenak azaltzen duen beste puntu interesgarri bat da enpresen eta erakunde publikoen artean dagoen urruntasuna etorkizuneko prestakuntza-arloan.  Enpresen %37k pentsatzen du hezkuntza-ekinbideak ez direla egokiak langileen trebetasunak hobetzeko berrikuntzaren bila.

Ikerlanak neurri sorta bat ere identifikatu du erakundeen berrikuntza-gaitasuna areagotu ahal izateko:  

  • Giro bat sustatzea, non esperimentazioa baloratuko den eta akatsaren kultura barneratu esperimentazio-prozesuetan.
  • Langileen talentu-base bat sortzea ideia berrien garapenerako komunikazio-ibilbide zabalarekin.
  • Enpresako arlo guztietan sormena baloratu eta bultzatzen dela ziurtatzea, berrikuntza ideia handietara mugaturik egon ez dadin eta bai, ordea, hobekuntza txikien etengabeko jarioa produktu, zerbitzu edo negozio-prozesuetan.
  • Sailen arteko eta estatu mailan filialekiko lankidetzaren garrantzia azpimarratzea, non onura arazoei aurre egiteko erabil daitezkeen ikuspegi ezberdinetan islatzen baita.
  • Konfiantzan eta komunikazio-gaitasunak hobetzeko ikastaroetan inbertitzea, bereziki beste kultura edo lanbide-arlo batzuetako lankideekin elkarlanean ari diren profesionalengan.
  • Ezagutza trukatzeko azpiegitura eta prozesuak sortzea sailen bidez eta estatu-eskalan.
  • Arrisku-kudeaketaren kontzeptuak doitzea, ziurtasunik gabeko itzulkinarekin enpresa-erronka berriak baimentzeko.

Ikerketari buruz

“The innovative company: How multinationals unleash their creative potential” online egindako bi inkesta globalen bidez egin da. Lehenengoak bazuen xede-talde edo publiko bat: beren merkatu nazionaletik kanpo gutxienez beste herrialde batean diharduten enpresetako goi-kargu exekutiboak. Guztira 350 erantzun jaso ziren. Bigarren talde parte-hartzailea gobernuetako 57 funtzionariok osatu zuten, eta helduentzako hezkuntza eta prestakuntza-politikak diseinatu eta inplementatzeko ardura zuten.

Partekatu albiste hau