Vocento taldearen Innova+ gehigarriaren azken zenbakiak artikulu bat eskaintzen zien euskal I+G+b nazioartekotzeko programei Europan; hona hemen euskaratuta artikulu hori:

Urteak daramatzate euskal enpresek nazioarteko proiektuetan lanean helburu bikoitzarekin: haztea eta 2020rako ezarritako helburuak beteko dituen Europa eraikitzea.

Zenbat aldiz entzun duzu krisi-garaietan ere I+G+b-ren alde apustu egiten jarraitu behar dela? «Ikerketarik eta berrikuntzarik gabe, enpresak ez du etorkizunik», dio Carlos Peñak, Innobasqueko Euskal Berrikuntza Sistema bultzatzeko arloaren zuzendariak. Berak lehen eskutik daki, euskal enpresen hazkunderako proiekturik garrantzitsuenetako batean ari baita lanean, ‘Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Plana’ betetzen lagunduz; proiektuak etorkizun hobea du helburu gisa, Euskal Herriak hazi egin behar duelarik ekonomia aldetik enplegua sortzeko eta ongizate-mailak hobetzeko. Gauza bera gertatzen da gure mugetatik kanpo. Hondaturiko ekonomia gorabehera, Europako Batzordeak apustu egiten jarraitzen du eremu honetan, besteak beste ‘Horizonte 2020’rekin: proiektu honek Europako testuinguruan eta zenbait arlotan ikerketa eta berrikuntza proiektuak finantzatzen jarraitzen du ─%100eraino ere bai─ markak hausten dituen 80.000 milioi euroko aurrekontuarekin 2014tik 2020ra.  Euskadin I+G+b inbertsioa 1.300 milioikoa da urtean. Hiru helburu estrategikoak hauek dira: bikaintasunezko zientzia sortzea, Europako Batasunaren posizioa indartzeko munduko zientzia-panoraman; teknologiak eta horien aplikazioak garatzea Europako lehiakortasuna hobetzeko; eta herritarrei dagozkien arazo handietan ikertzea.

Innobasqueren laguntzari esker, euskal enpresak honelako programez baliatzen dira atzerrira irteteko eta proiekturen bat irabazte aldera borrokatzeko, horrek zuzeneko eragina izango duelarik fakturazioan, finkapen edo sendotzan, langile kopuruaren gehikuntzan eta nazioarteko kokapenean. Helburu horiek VII. Esparru Programako datuek abalatzen dituzte: 300 enpresak baino gehiagok hartu zuten parte eta 460 milioi euro lortu zituzten, eta hori aurrekontu osoaren %0,92 da, asko kontuan izanda euskal ekonomiaren pisua Europako Batasunean %0,5ekoa dela. Datu horiek «aldez aurretik jarritako itxaropenak eta erronkak gainditzen dituzte», dio Garbiñe Larraurik, Innobasqueko proiektu-zuzendariak.

Hilabeteetan zehar, enpresek proiektuak egiten dituzte Europa 2020 Estrategiak markaturiko gizarte-erronka nagusiei buruz gai hauetan: osasuna, aldaketa demografikoa, energia berriztagarriak, garraio iraunkorra… Larrauri-ren hitzetan, «parte-hartze zuzendua izan behar du, nolabaiteko zentzuz eta irabazlearen espirituz, lehia basatia baita eta finantzaketa lortu behar baita».

Horregatik, Europara salto egin aurretik, enpresek, unibertsitateek, udalek eta teknologia-zentroek, besteak beste, beren hausnarketa estrategikoa egiten dute, eta pentsatzen dute non dauden eta non ikusi nahi duten beren burua hemendik bost urtera. Honela, Eusko Jaurlaritzarekin batera, “Europako Euskal I+G+b-ren koaderno estrategikoa” egin dute, gai honetan norabideak markatzen dituena, besteak beste, 1.100 proiektu aurkeztea eta 805 milioiko finantzaketa lortzea. «Aurreko programarekiko %75 haztea suposatzen du, eta beraz apustua aski garrantzitsua da, erronka handia da», aitortu du proiektu-zuzendariak.

Nazioartekotzeko jauziaren aurrean zorabioa eta zailtasun pixka bat kentzeko, Innobasquek Europako I+G+b Proiektuetan Euskal Parte-hartzearen Behatokia sortu du, eta lehenengo aldiz aurkezten diren enpresei era guztietako informazioa eskaintzeaz gain eta prozesuan lortzen diren emaitzak monitorizatzeaz gain, antzeko interesak dituzten erakundeen artean harremana errazten du. Gero, Innobasquek, Enterprise Europe Network partzuergoaren parte izanik, nazioarteko beste bazkide batzuk bilatzen ere lagunduko du, Europako enpresen partzuergo bat sortu behar baita proiektua aurkezteko. Baina hori ez da guztia. Zure enpresa oraindik ez badago prest I+G+b-ko ‘txapeldunen liga’ honetan jokatzeko, jakin behar duzu, tokiko eskalan, beste euskal enpresa batzuk ere hazteko borrokatzen direla. ERA-NET, ETEetara bideratuagoa, lehen maila da proiektu handiagoetara iristeko, adibidez H2020-ra, eta deialdi transnazionalak egiten ditu Euskadirentzat estrategikoak diren zenbait arlotan; adibidez, fabrikazioa, bioteknologia, materialak, garraioa, energia ozeanikoak eta elikadura-segurtasuna. Aurrekoa ez bezala, ERANET tokiko arauen menpe dago eta gobernu bakoitzak finantzatzen du, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak, Gaitek programaren bidez.

140 proiektu
«2004tik, 15 ERANET ekinbidetan parte hartu du Euskadik. Gaur egun, fabrikazio aurreratuko sare baten lider da –autonomia-erkidegoko industria-ehunarengatik–; sare honetako parte da 2006az geroztik eta materialen, bioteknologiaren, garraioaren… eremuko beste batzuetan ere parte hartzen du», nabarmendu du Andere Goirigolzarrik, proiektu-zuzendariak. Guztira, (estatuko eta eskualdeetako) gobernuen eta finantzaketa-agentzien artean ia 100 erakunde dira sare hauetan parte hartzen dutenak.

Sare hauen jarduera nagusia I+G proiektu transnazionaletarako proposamen-deialdiak egitea da, hurbilagoko gaiekin eta enpresaren beharrizan propio bati erantzungo diotenak, baina «Europako problematika izan behar du, eta sektoreko enpresentzat komuna» zehaztu du Goirigolzarrik. Orain arte 140 proiektu finantzatu dira, horietako gehienak fabrikazio aurreratuaren barruan, bakoitzaren aurrekontua 500.000 eta 3 milioi euroren artean dabilelarik.

Dagoeneko parte hartu dutenen esperientziak abalatuta, ERA-NETek aukera zabaldu du barne-kudeaketa errazeko partzuergoak eratzeko, euskal enpresak nazioarteko merkatuan kokatzen dituztenak eta euskal I+G+b nazioartekotzeko bidean mailak igotzen jarraitzera animatzen duena.

Partekatu albiste hau