Zer zapore ote dute patata moreek ardo urdinez prestatuta? Eta oilasko erreak garagardo urdinez? Ezinezko errezeta dirudi, baina gaur egun ezer ez da ezinezkoa.

Duela bost urte Japoniako enpresa batek Ojotsk Blue garagardoa sortu zuen, kolore urdin deigarria duena. Garagardo hau Japonia iparraldeko Ojotsk itsasoko ur hotzetan dauden iceberg edo izotz-mendien ura erabilita egiten da. Baina kolore urdin bizia lortzeko, landare-jatorriko produktuak erabiltzen dira: alga edo itsas belarrak, loreak eta Txinako ñamea.

Urdina sakontasunaren sinboloa da, jariotasun eta aldaketarekin lotua. Filosofia honekin, aldaketak egitate bat izanik eta berrikuntza hor dagoelarik egunero atzean, Euskal Herrian bizi diren gazte ekintzaileen talde batek munduko lehenengo ardo urdina sortu du, Gïk deitua. EHUko Ingeniaritza Kimikoko Fakultatearekin eta Azti Tecnaliarekin lankidetzan, Gïk Live!-ko I+G taldeak pigmentatu eta edulkoratzeko prozesu teknologiko bat patentatu du, mahatsaren jatorrizko zaporea eta kolorea aldatzen dituena. Prozesu tradizionalak eta teknologia berritzailea nahastuz, kolore urdineko ardoa sortu dute, zapore gozokoa eta guztiontzat eskuragarria.

Baita ere badira azenario moreak, ia urdinak. Hauek ez dira benetan berrikuntza bat; izan ere, guztiak baitziren kolore horretakoak XVII. mendearen aurretik. Gaur egun ezagutzen ditugun laranjak haien mutazio bat dira. Hain ezohikoa den errezeta honekin amaitzeko, osagai sekretua daukagu: ‘Entzia’ patata. Kolore more harrigarria NEIKER-Tecnalia Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak garaturiko patata honen erakargarrietako bat besterik ez da. Patata hau metodo naturalez lortzen da, agronomia-ezaugarri onak dituzten eta gaitz nagusiekiko erresistenteak diren zenbait barietateren arteko gurutzaketen bidez. Andre Gide Literaturako Nobel Sariak esaten zuen bezala: “Gizakiak ezin ditu ozeano berriak aurkitu kostaldea bistatik galtzeko adorerik ez badu”.

Partekatu albiste hau