Asle, Ehlabe, Gizatea, Konfekoop eta REAS Euskadi-k, 67.600 euskal langile baino gehiago batu eta 9.400 milioi euro baino gehiagoko fakturazioa dutelarik, EGES-Euskal Gizarte Ekonomia Sarea plataforma osatu dute. Sarea lankidetzarako gune izango da, gizarte-ekonomiaren balioak eta jardunbideak sustatu eta garatzeko, eta honela enplegu iraunkor eta kalitatezkoa sustatzeko.

Euskadiko gizarte-ekonomiako bost erakunde esanguratsuenen ordezkariek, Eusko Jaurlaritza, Eusko Legebiltzar eta EAEko hiru lurralde historikoetako Batzar Nagusiekin batera, EGES aurkeztu dute. Plataforman daude Euskadiko Lan Sozietateen Elkartea (ASLE); Euskal Herriko Lan Babestuko  Erakundeen Elkartea (EHLABE); Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartea (Gizatea); Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa (Konfekoop); Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea (REAS Euskadi). Horien ordezkariek deklarazio bat egin dute (ikus beherago erantsirako agiria).

EGESetik diote, Gizarte Ekonomiak, garapen iraunkorraren ekonomia-ereduarekin konprometituriko sektoreak, 70.600 langile baino gehixeago batzen dituela Euskadin, EAEko enpleguaren %8,26. Aldi berean, Gizarte Ekonomia Euskadin 2.357 enpresak osatzen dute guztira, dauden erakunde guztien %1,26 dira, eta horrek adierazten du, halaber, EGES txostenen arabera, Gizarte Ekonomia  “gai izan dela krisiaren aurrean hobeto mantentzeko bere erakunde kopurua ekonomia orokorreko beste sektore batzuek baino”.

“Gizarte Ekonomiako enpresak gizarte-premiatik ere sortzen dira, ez bakarrik negozio-aukeratik”, dio Carlos Askunzek, REAS Euskadi eta Gizate-ko koordinatzaileak. “Pertsonei, inguruneari eta gizarte-gaiei lehentasuna ematen dien ekonomia, ekonomia indartsuago eta solidarioago bihurtzen da”, erantsi du Pablo Moratallak, EHLABEko koordinatzaileak.

 “Enpresa-garapenaren eredu onenak dauzkagu eta gure hazkundeak gizarte- eta ingurumen-ingurunea hobetzea dakar de facto, eta hor garatzen ditugu gure proiektuak”, esan du Javier Goienetxeak, Konfekoop-eko lehendakariak eta, aldi berean, EGESeko lehendakaritza izango duenak.

EGESek ikerketa-ekintzak, foroak eta jardunaldiak egingo ditu gizarte-ekonomiaren balioak zabaltzeko, eta lan egingo du erronka hauei erantzuteko: “kudeaketa-gaitasunak garatzea, finantza aldetik sendotzea, aktibo produktiboetan inbertitzea, berrikuntza egitea edo kanpoan saltzeko eta lehiakortasuna gehitzeko tamaina hartzea”, esan du Josetxo Hernándezek, ASLEko gerenteak.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago