“Lehiakortasunean irabazteko berritzaileak izan behar dugu. Ez dugu itsasora irteerarik eta erraldoiz inguratuta gaude”, esan zuen atzo Gustavo Leitek, Paraguaiko Industria-ministroak; Hego Amerikako errepublika hau gutxi gorabehera %5 hazten da urtean eta %20 inguruko itzulkinak eskaintzen dizkio inbertsioari. Horregatik, etengabe ari da hazten atzerriko inbertsio zuzena. Deigarriak dira atzo, RBT Consulting-ek antolatuta egin zen Paraguai-Bilbo Ekonomia Foroan, herrialde hartako goren mailako ordezkari politiko eta ekonomikoek atzo eskaini zituzten zenbakiak.

Hona hemen datu batzuk:

  • 6,5 milioi biztanle
  • 30 urtez behekoak dira biztanleen %70
  • Munduan energia hidroelektrikoaren 1. ekoizlea per capita
  • Energia eskualdeko preziorik apalenean
  • AEBak eta Txinaren ondoren, gabarra gehien duen 3. herrialdea munduan
  • 70 portu pribatu
  • Soia, almidoi eta mandioka esportatzen 4. herrialdea da munduan
  • Garia ekoizten 6. herrialdea
  • Arroza ekoizten 10. herrialdea
  • Kokapen estrategikoa
  • Moneta berbera azken 70 urteotan

 

Gustavo Leitek, Paraguaiko Industria-ministroak, bere herrialdeko egoera aztertu zuen eta Euskadik guaraniei zer eskain diezaiekeen azaldu zuen. Euskadirekin bi aldeek irabazteko itunak egitea proposatu du, Paraguai “dirua irabazteko herrialdea” baita.

Jardunaldiari hasiera Innobasqueko presidenteak, Alberto García Erauzkinek, eta Paraguaik Espainian duen enbaxadoreak, Antonio Rivasek, eman zioten. Baita ere bertan izan ziren, Didier Olmedo, Kanpo Merkataritzako zuzendari nagusia; Ignacio Ibarra, Fujikura Automotive Paraguay-ko lehendakaria; Conor McEnroy, Sudameris Bank-eko lehendakaria; Belarmino Fernández, Arcallana Taldeko lehendakaria; Néstor Salvador, RBT Consulting-ekoa; Hugo Royg, MCS Grupo Consultor; Martín Carlevaro, Berkemeyer Attorneys and Counselors; Alberto Alonso, Forinter Tradex-ekoa.

Bere hitzaldian, enbaxadoreak gogorarazi zuen bere herrialdearen kanpo-zorra bere erreserben erdia bestekoa dela, iaz %4,2ko inflazioa izan zuelarik. Beraz, “hazkunde iraunkorraren bermea” eskaintzen dutela uste du.

Bestalde, Fernández Valdovinos-ek, Paraguaiko Banku Zentraleko lehendakariak, esan zuen “nahiz eta 8 urte jarraian zerga-superabita izan, azkeneko hiruretan defizita egon dela azpiegiturak eraiki beharra dutelako, Paraguai hobeto kokatuta egon dadin negozioetarako. Inbertsio publikoaren planak hazkunde-gaitasuna sustatzen du eta negozio-giro ona sortzen du”. Laster enkantean hartzeko lan handiak eskainiko dituztela ere aurreratu zuen. Paraguaik 100.000 etxebizitza eraiki behar ditu urtean, ase gabeko eskaria baitago.

 “Paraguai inbidia emateko moduko egoeran dago”, esan zuen, eta, aurreikuspenen arabera, “ekonomian itxaropen handiak daude datozen urteetarako, 2015ean eta 2016an %5 baino gehiago haztea espero baita”. Industria, eraikuntza eta zerbitzuen sektorea dira hazkundearen motorrak, klase ertain indartsu bat sortzen ari direnak.

Haren iritziz, Paraguairen 4 zutabeak hauek dira: zerga-sistema, finantza-sistema, diru-politika inflazio kontrolatuarekin, eta kanpo-zor murritza.

Gainera, Leyte ministroak gogoratu zuen Paraguai Mercosur-en kide sortzailea dela, 300 milioi laguneko merkatua. Hain zuzen, Mercosur-en hurrengo presidentetza Uruguairi dagokio, eta orduan beraien helburua Mercosur-ek Europako Batasunarekin merkataritza askeko akordioa egitea da, 500 milioi pertsonak osaturiko merkatua.  

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago