Eusko Jaurlaritzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (ZTBES-RVCTi) arautzen duen dekretuaren zirriborro berria zabaldu du gaur (ikus beherago dokumentua, deskargatzeko moduan). Behin-betiko dekretua datozen hilabeteetan argitaratuko da eta sare berrian sartzeko eragile guztiek akreditatuta egon beharko dutela ezarriko du. Gaur egun akreditaturik dauden eragileek, ZTBES / RVCTI-ko kide izaten jarraitzeko, Dekretua argitaratzen denetik hilabeteko epea izango dute berrakreditatzeko eskaera aurkezteko. Arau hau Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES / RVCTI) berrantolaketan kokatzen da, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako 2020 Planean adierazia.

Eragile bakoitzaren estrategia bereziak Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzan indarrean dagoen politikaren helburuekin bat egitea eta finkaturiko betebehar orokor eta espezifikoen betetze-maila izango dira ZTBES / RVCTI-ren tipologia zehatz batean akreditazioa determinatuko dutenak.

Innobasquek, berrantolaketa-proiektuan aktiboki kolaboratzen duen erakunde gisa, bere laguntza eta aholkularitza emango dizkie eragileei akreditazio-eskaeren prestakuntzan sortzen diren zalantzak konpontzeko, honela handiagotzen saiatuz zientzia- eta teknologia-eremuko bazkideei zuzendutako zerbitzuak.

Lantze-prozesua

Dekretu hau Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapenerako Sailak, SPRI eta Innobasque-ren laguntzaz, duela bi urte hasitako hausnarketa estrategikoaren emaitza da. ZTBES / RVCTI berrantolatzeko helburua eragileengana eta sistema osora zuzendutako inbertsioen eta baliabideen eraginkortasuna areagotzea da. Lan hori bere garaian egiaztatu da teknologia-zentroekin, CICekin eta enpresetako I+G unitate nagusiekin. Gero, hausnarketa hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura, eta Osasun sailetara hedatu zen, eta Dekretuaren lehen zirriborroa sortu zen, gaur egun ZTBES / RVCTI osatzen duten eragileei azaroan eman zitzaiena, alegazio-prozesu bat hasteko helburuarekin.

Orain aurkezten den zirriborroak inplikaturiko eragileek aurkezturiko 29 alegazioetatik eratorritako aldaketak sartzen ditu, horien artean nabarmenduz:

  • Azpisistemen kontzeptua kentzea;
  • Ebaluazio-prozesua ikuspegi integratzaileago batetik berrikustea;
  • Eragileen beste bi kategoria sartzea;
  • Aginte-koadroak eguneratzea.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuaren iritziz, “iritsi da unea Sistema osoaren kudeaketan hobekuntzak egiteko, irizpide berritzaile eta zorrotzekin, zera publikoaren esfortzuetan eraginkortasunaren zerbitzura”, zeren eta “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren heldutasun-mailak jauzi kualitatibo bat egitea eskatzen baitigu, eta horretarako prestatuta dago Eusko Jaurlaritza”.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago