Nike kirol-jantzia emakume musulmanentzat. Samsung arropa-garbigailuak programa bereziekin sari-entzat. Horra hor konpainia handien bi adibide, goraka ari diren herrialdeetan bizi den jendeak eguneroko bizitzan dituen premietara egokitzen direnak, eta berrikuntzaren agenda globala aldatzen dutenak. Leku horietan, baliabiderik eza berrikuntzaren, berrikuntza frugalaren, motor bihurtu da, eta hori “produktuak eta zerbitzuak, batzuetan erabat berriak, baliabide mugatuekin sortzeko artea” da. “Good enough” da goiburua, “gastatu gutxiago eta egin berrikuntza”. Pentsaera honek norabide-aldaketa suposatzen du, balio bera ematen duen konponbiderik xumeena nagusitzen baita.

Roland Berger Strategy Consultants-ek argitaratzen duen “COO Insights” aldizkariak monografikoa eskaini dio gaiari eta zaurian ukitzen du: “goi-teknologia ondo dago”, baina “goraka ari diren herrialdeetan, Txinan, Indian edo Brasilen, bada klase ertain bat, gero eta ugariagoa, erosteko gaitasun zehatz batekin eta bestelako desira edo gurariak dituena. Horientzako produktuek eskuragarriak izan behar dute, erabilerrazak, merkeak eta sendoak, baina errendimendu-maila berbera eskainiko dutenak”. Hau da, baldintza normaletan funtzionatzen duten produktuak, baina argia joaten bada edo sare elektrikoan gorabeherak baldin badaude, hondatuko ez direnak.

Hori da Egipto, India eta Uruguay-ko hiru adibideen kasua, eta www.elperiodico.com-en Derribando la huella digital erreportaje apurtzailean agertzen dira; Angelo Attanasio eta Jeronimo Giorgi-k egina da erreportajea, eta Tecnalia Kazetaritza Saria irabazi zuen Interneteko kategorian. “Lehen honela funtzionatzen zuen: ongi zihoakizun eta diru asko irabazten zenuen, eta gero ongia egiten zenuen behartsuentzako fundazio bat sortuta, Bill Gates-ek egin duen bezala, adibidez. Hala ere, paradigma berria da dirua egitea ongia eginez: hau da, dirua irabazteko moduko, baina aldi berean jende askok erabiltzeko moduko, produktuak, prozesuak edo zerbitzuak sortzea”, dio Suneet Singh Tuli-k, Datawing-eko CEO-k, ikerketa-lanean.

Enpresa honek 40 dolarreko tablet-ak egiten ditu, ezagutza Indian zehar zabaltzeko, azpikontinenteko ikasle guztien artean mundu digitalera sartzeko aukera demokratizatuz. Ekintza hau programa baten parte da, eta horrekin gobernuak ehunka milioika herritarren analfabetismoa gainditu nahi du. Egipton zabor teknologikoa aukera edo abagune bihurtu da. Emakume talde batek osagai digitalak birziklatzen ditu ordenagailuak berregiteko eta teknologia berriak komunitatera hurbiltzeko. Gazte ekintzaileen talde batek ere zabor teknologikoa negozio errentagarri bihurtzea erabaki du. Bitartean, Ameriketan, Uruguay da sare publikoko ikasle guztiei eramangarriak eta Interneterako konexioa eman dizkien munduko lehenengo herrialdea. Banatu dituen milioi bat tresnari esker, gehienak birziklatuak, eten digitala gainditzea lortu du 3 milioi biztanleko, EAEn baino milioi bat gehiago bakarrik duen, lurralde hartan.

Frugal innovation paradigma-aldaketa iraultzailea da, Indian eta beste herrialde behartsu batzuetan eratzen ari dena, baina Mendebaldean ere laster emango da jauzia”, dio Tuli-k.

Prestaturik gaude?

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago