Otsaileko bigarren astean berrikuntza-kimuak loratuko dira. Programak, jardunaldiak, sariketak, deialdiak, urteurrenak, feriak, workshop-ak, enplegu-eskaintzak izango dira, besteak beste, datorren asteko jarduera-programa zabalaren barruan.

Otsailaren 9a, astelehena

Energia-panorama testuinguru globalean eta bertako baliabideen ahalmenak

Gipuzkoako Bazkundea, Tolosa hiribidea, 75 – Donostia.

Ordutegia: 09:00 – 14:00.

Gipuzkoako Bazkunde edo Merkataritza Ganberatik antolaturiko jardunaldiak energiaren egungo panoraman sakonduko du; bertan gaian adituak izango dira egoera ikuspegi globaletik argitzeko, baita euskal erakunde publiko eta pribatuen ordezkariak ere, arazoak eta aukerak hurbilagoko ikuspegiaz aurkeztuko dituztelarik.

Bizkaia:talent 10. urteurrena

Euskalduna jauregia, Abandoibarra etorbidea, 4, Bilbo. Ordutegia: 11:00 – 13:00

Bizkaia:talent-ek 10. urteurrena bete du. Ekinbide hau Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak bultzatzen du eta eginkizun garbi batekin sortu zen: Bizkaian beharrezko baldintzak sortu eta mantentzea berrikuntza-prozesuetan goi-mailako prestakuntza duten profesionalak erakartzeko eta herrialde honi loturik atxikitzeko.

Ospakizunaren egitarauan egingo den mahai-inguruan Imanol Pradales, Ekonomia Sustatzeko diputatua, eta Unai Rementeria, Lehendakaritzako diputatua eta Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramalea, izango dira, besteak beste.

Bizkaia Creativa 2015 Programa

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Creativa programa jarri du martxan, industria-diseinu, ikus-entzunezko, bideo-joko, moda eta arkitekturaren eremuetan enpresa-proiektu berrien garapena sustatzeko helburuarekin.

Eskaerak aurkezteko epea otsailaren 9tik martxoaren 5era izango da, eta diruz lagunduko da, bai ETE sortzaile bat eratzea nahiz aurretik dagoen enpresa batean proiektu bat garatzea, eta azken hauen kasuan, baita ere jada garatuak dituzten produktuak nazioarteko merkatuetan jartzea.

Otsailaren 10a, asteartea

IKASENPRESA IV. Azoka

Unzaga plaza, Eibar. Ordutegia 10:30h – 13:30h.

Eguraldiaren eragozpenak direla-eta, azkenean datorren asteartean, otsailaren 10ean, izango da Ikasenpresa IV. Azoka. Ikasenpresa hezkuntza-programa bat da, Lanbide Heziketarako Berrikuntza Zentroak (Tknika) koordinatua, eta ekintzailetza-kultura sustatzen du LH-ko ikasleen artean, enpresa-sorkuntza erabiltzen duelarik tresna pedagogiko gisa.

Hitzordu honetan Euskadiko Lanbide Heziketako 46 ikastetxetako 700 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte, eta 135 enpresa txikik, aurtengo ikasturtean lan egiten duten 326tik; hauek beren “izaera ekintzailea”, produktuak eta zerbitzuak azalduko dituzte.

Otsailaren 11, asteazkena

Gaitasun Programa: “Berrikuntza, analisia eta aldaketara egokitzea” tailerra

Euskal Herriko Unibertsitatea, Sarriena auzoa, Leioa. Ordutegia: 11:30 – 14:30.

Bizkaia:talent izango da “Profesionaltasunerako Trebetasunak Bizkaian” programa pilotuaren liderra; estatuan aitzindaria den programa hau Bilbao Metropoli 30 Elkarteak koordinatuko du, eta BasquePro-ren laguntza izango du (hau Euskal Elkargo Profesionalen Elkartea da, eta zehatz esanda Ekonomialarien Euskal Elkargoa, Kimikari eta Ingeniari Kimikoen Euskal Elkargoa, eta Ingeniarien Euskal Elkargoa daude bertan).

Otsailaren 12a, osteguna

I+G-ko langile tekniko eta kudeaketa-langile izateko gazteak kontratatzeko programa

Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako (I+G+b) estatu-idazkariak deialdia aurkeztu du hiru urtez mila gazte, 25 urtez behekoak, ikerketa-zentro publiko eta unibertsitateetan kontratatzeko. Eskaerak aurkezteko epea 2015eko otsailaren 12tik martxoaren 17ra artekoa izango da.

Ekinbide honek langile tekniko eta kudeaketa-langileen (unibertsitate-tituludun edo lanbide-heziketako teknikarien) kontratazioa sustatu nahi du arlo publikoko ikerketa-erakunde eta unibertsitateetan.

Otsailaren 12a, osteguna, eta 13a, ostirala

Ikanos proiektua Nazioarteko III. Workshop

EHUren Bizkaia aretoa, Abandoibarra hiribidea, 3, Bilbo.

Ordutegiak: 09:30 – 16:30,  09:30 – 13:00.

Ikanos Eusko Jaurlaritzaren ekinbidea da, Euskadin gaitasun digitalak zabaldu eta bultzatzera zuzendua, Europako kontzeptu-esparruarekin bat datorrena.  

EN[RED]ANDO CON IKANOS Workshopa foro bat da, jarduera-programa zabala eta profesionalen presentzia duena, gaitasun digitalak hedatzeko prozesuan topaketa errazteko eta sinergiak eta eztabaida aditua sortzeko.

Otsailaren 13a, ostirala.

Fast Track to Innovation: industria-berrikuntzako europar proiektuak arrakastaz lortzeko gakoak

CEIT-IK4, Manuel Lardizabal pasealekua, 15, Donostia.

Ordutegia: 09:15 – 13:15.

“Fast Track to Innovation” (FTI) Horizon2020 programaren parte den ekinbidea da, teknologia edo/eta teknologia aplikatuaren arloan enpresa-proiektu berritzaileei eta merkatura irteteko hasierako fasean daudenei finantzaketa eskaintzen diena. Gai honetarako finantzaketa irekitzeak ─berrikuntzaren eragileekin enpresa-proiektuetan batera parte hartzeko aukerarekin eta berrikuntza-proiektu berriak merkatura edo/eta gizartera sartzearekin─ jakintza-arloez haratagoko eta sektoreen arteko lankidetza sustatuko du.

Ekitaldia doakoa izango da eta I+G+b proiektuak egiten dituzten eragile eta enpresei zuzenduta dago; bere helburuen artean daude deialdiari buruz informazio zehatza aurkeztea eta proposamenak aurkezteko gako praktikoak eskaintzea.

Urteko 100 Ideia Onenen Saria

Urteko 100 Ideia onenen Sariketarako deialdia egin du Actualidad Económica-k; aurten XXIII. edizioa izango da, eta horrela 2014an martxan jarritako produktu eta zerbitzurik interesgarrien, berritzaileen eta sortzaileenak aitortuko dira. Sariak hamazazpi kategoriatan banatuko dira: Elikagaiak eta Edariak, Edertasuna, Energia, Finantzak, Ingurumena, Moda, Motorra, Bidaiak eta Aisialdia, ETEak, Publizitatea/Hedabideak, Erlojuak eta Osagarriak, Erantzukizun Sozial Korporatiboa, Osasuna, Zerbitzuak, Teknologia, Zuzendarientzako Prestakuntza.

Proposamenak jasotzeko epea otsailaren 13an bukatuko da, eta sarituak martxoaren 18ko zenbaki berezian agertuko dira.

“Enpresa Berriak Sustatzeko Plana”

Bizkaiko Foru  Aldundiaren “Enpresa Berriak Sustatzeko (2012-2015) Planak” aurten 13 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du. 

Plan honek bost jarduera-arlo ditu: Enpresa berritzaile berriak sustatzea, “Bizkaia Creativa”, Gizarte Ekintzailetza eta Berrikuntza programa, “Bizkaia Digitala: Internet Industriala” eta eskualdearen eta merkataritzaren suspertzea. 

Proiektu berritzaileen garapenerako laguntzak, enpresa-proiektu berria garatzeko gastuen %70eraino eta hazkunde-gaitasun handiko proiektuetan %90eraino ordaintzen dituztenak, datorren otsailaren 19ra arte eskatu ahal izango dira. Ekainaren 4an laguntza hauen bigarren deialdia irekiko da, irailaren 15ean amaituko delarik epea.

“Aztarna Hidrikoaren Kalkulua eta Kudeaketa”

ACLIMA bulegoak, Uribitarte pasealekua, 3-2ª Bilbo. Ordutegia: 09:00-14:00

ACLIMA-Euskadiko Ingurumen Industrien Cluster Elkarteak ekitaldia antolatu du Aztarna HIDRIKOAREN ISO 14046 arau berrian enpresak prestatzeko helburuarekin, horren kalkulua egiteak suposatzen duen hobekuntza bideratzeko. Jardunaldia datorren otsailaren 20an izango da, eta Innobasqueko bazkideentzat izena emateko prezio berezia izango da, 350 eurokoa. Ekitaldia aholkularitza- eta ingeniaritza-enpresentzat eta bere erakundean ura eraginkortasunez kudeatzeko interesa duen edozein enpresarentzat dago pentsatua.

ISPIM, the Grand Prize for excellence in innovation management

ISPIM Grand Prize 2015 irabazi asmorik gabeko konpainia eta erakundeentzako saria da, azterketak kasu praktikoekin dituztenentzat, baldin eta nabarmen hobetu badute edozein berrikuntza-arlo azken hiru urteotan. Proiektu parte-hartzaileen adibideen artean honako hauek sar daitezke: transferentzia teknologikoaren kudeaketa ekoizpen handiagoa lortzeko; berrikuntza eraginkorragoa prozesu berrien bidez; hurbiltasuneko ikuspegi berriak I+G taldeetako bezeroekin; negozio-zorroaren kudeaketa eraginkorragoa. Interesa duten enpresek datorren 2015eko apirilaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren lanak.

International Society for Professional Innovation Management (ISPIM) berrikuntzaren kudeaketarekiko interes propioa partekatzen duten ikertzaile, industriari, aholkulari eta herri-erakundeen sare bat da. 1983an Knut Holt irakasleak Norvegian sortua, Europako berrikuntza-elkarterik zaharrena eta handiena da ISPIM.

CAM hiru ikertzaileren bila

“La Caixa” Fundazioak finantzaturiko ekinbide honen esparruan, Matematika Aplikatuaren Euskal Zentroak (BCAM), Severo Ochoa zentro akreditatu gisa, ikertzaileen nazioarteko deialdia egin du hiru doktorego-beka eskaintzen dituelarik zentroaren ikerketa-arloetan.

Bekek 4 urteko edo doktorego-tesia aurkeztu arteko iraupena dute (kontratuak hasteko urtebeteko iraupena izan behar du eta urtero berritu daitezke) eta urtero alda daitekeen soldata izango dute.Deialdiaren bukaera martxoaren 30era artekoa da, eta maiatza bukatu baino lehen emango du Batzordeak aukeratutako hautagaien berri.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago