Otsailak berrikuntzari irekiko dizkio ateak. Besteak beste, jardunaldiak, sariak, deialdiak… izango dira urteko hilabeterik laburrenaren jarduera-programan.

Otsailaren 2a, astelehena

Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikoari buruzko VII. Kazetaritza Saria

Azti-Tecnalia, Astondo Bidea, 609. eraikina, Bizkaiko Teknologia Parkea, Elexalde Derio

Ordutegia: 13:30 – 14:00

Ikerketa eta Berrikuntza Teknologikoaren Zabalkundeari ematen zaion VII. Tecnalia Kazetaritza Sariaren irabazleak datorren astelehenean emango dira jakitera Azti-Tecnalian egingo den ekitaldian. “Berrikuntza egitea etorkizuna eraikitzea da” goiburuarekin antolatu da sariketa; iritzi publikoan ikerketa eta berrikuntza zabaltzeko eta herritarren artean eta oro har gizartean zientzia-kultura sustatzeko komunikazioko profesionalek egindako lana aitortzera zuzenduta dago.

Otsailaren 3a, asteartea

M-ERA.NET 2015

M-ERA.NET 2015 nazioz gaindiko deialdiak datorren asteartean, otsailaren 3an, irekiko du ofizialki izena emateko prozesua. Ekinbideak I+G+b nazioarteko proiektuetan parte hartzeko aukera eskaintzen die euskal enpresei, hainbat gairekin lotuta: konputazio-material integratuen ingeniaritza; interfaze, azal eta estaldura berrien diseinua; errendimendu handiko biocomposite sintetikoak; energia-teknologia iraunkor eta eskuragarrietarako materialak, karbono gutxikoak; osasun-aplikazioetarako azal bioaktiboak egitea; eta fabrikazio aditiborako materialak.

Otsailaren 4a, asteazkena

Agroekosistemen Osasun Txartelei buruzko jardunaldia: bioaniztasun edafiko eta landarezkoaren kontserbazioa bazkaleku menditarretan eta haran-barrenetan

NEIKER-Tecnalia, Ur-Lur aretoa, Bizkaiko Teknologia Parkea, 812. Lursaila. Berreaga kalea, 1. Derio.

Ordutegia: 12:00 – 14:00

NEIKER-Tecnaliak antolaturiko ekitaldi honen helburua, bazkaleku edo larreak kontserbatzeko zenbait jardunbideren eragina balioestearen emaitzak transferitzea da, Agroekosistemen Osasun Txartelen metodologia erabiliz; SOILMONTANA: Agroekosistemen Osasun Txartelak proiektuaren testuinguruan garatu dira txartelak, zentroak ere hartu baitu parte horretan.

Gardentasunaren azken jardunaldia abeltzain, teknikari eta politikariei zuzenduta dago, baita publikoari oro har ere, bioaniztasunaren kontserbazioarekin, eta bereziki mendiko agrosistemekin, interesatuta edo erlazionaturik daudenei.

Otsailaren 6a, ostirala.

Ikastaroa: “Teknologia merkaturatzea lizentzia bidez”

Innobasque, Laida, 214, Zamudio (Bizkaia). Ordutegia: 09:00 – 17:30.

“Teknologia merkaturatzea lizentzia bidez” ikastaroak jabetza industrial eta intelektualaren eta horren lizentziamenduaren ikuspegi orokorra eskaintzen du. Jardunaldiak ─Licensing Executive Society-k (LES) antolatua, GALBAIANek babestua eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntza duenak─ hizlarien eta entzuleen artean saio elkarreragileetan oinarrituriko programa izango du, gaiari buruzko berariazko aplikazio-adibideekin eta ariketekin osatuta egoteaz gain.

Ikerketa Biomediko Prekliniko eta Klinikorako Lilly Fundazioaren sariak-2015

Azken eguna: otsailaren 15a

Ikerketa Biomediko Prekliniko eta Klinikorako Lilly Fundazioaren 2015eko sarietarako deialdia egin da, estatuan Biomedikuntza eta Osasunaren Zientzien garapenean ekarpen esanguratsua egin duten ikertzaileentzat, eta maila zientifiko onartua duen ikerketa-lana egiten dutenentzat.

Kategoria bakoitzeko 40.000 euroz hornituriko sarietarako hautagaiak izaera preklinikoa eta klinikoa duten ikertzaileak izan daitezke, beren jarduera osasun-zentroetan edo/eta ikerketa-zentro publiko edo pribatuetan egiten dutenak. Hautagaiek Biomedikuntzaren zientzia-eremuko edo Osasunaren zientzietako pertsona edo erakundeek proposatu ahal izango dituzte.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago