Informe Económico OCDE: España 2014, camino de la recuperación (ELGEren Txosten Ekonomikoa: Espainia 2014, suspertze bidean) izeneko txostenean, Espainiak Innobasque bezalako berrikuntza-agentzia nazional bat sortzea proposatzen du Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE/OCDE), eta honela definitzen du gurea: “berrikuntza-agentzia pribatua, irabazi asmorik gabea, Euskadiko gobernu- eta enpresa-liderrek babestua eta eragile berritzaileen artean lankidetza sustatzen duena”.

Txostenak esaten du enpresa-inbertsioa I+G-n oso apala dela Espainian eta, Espainiako berrikuntza-sistema hobetu den arren, are gehiago hobetuko litzatekeela ikerketaren finantzaketa egonkorragoa balitz, ikertzaileei lanbide-aukera hobeak emango balitzaizkie, unibertsitate eta ikerketa-zentroetan espezializazioa nahiz eskala-ekonomiak indartuko balira, eta funtsak esleitzeko orduan jarduera-irizpideetara gehiago joko balitz.

Hori lortzeko, berrikuntza herrialdearen konpromiso gisa jarri behar da Gobernuko lider politiko, enpresa eta ikerketa-munduaren aldetik. “Hau lortzeko bide posible bat berrikuntza-sare nazional bat, Innobasqueren antzekoa, sortzea izango litzateke”, iradokitzen du.

Txostenak euskal berrikuntza-sistema aipatzen du: “negozio-aukeretara gehien bideratua delako, bere indar-guneak makina eta ekipamenduetan dituelarik”. Tecnalia eta IK4 ere aipatzen ditu, errendimendu handiko teknologia-zentroak, tamaina eta espezializazio handikoak, beste txikiago batzuen bat-egitetik sortua… eta finantzaketa handiagoa eskatzen du beraientzat.

Espainian berrikuntza, batez ere enpresetatik datorrena, apalegia da eta, gainera, talentua infraerabilia dago. Egoera honi buelta emateko, ELGE/OCDEk bizi-maila igotzea gomendatzen du berrikuntza areagotuz. Horregatik, berrikuntzak ekonomian duen eragina gehitzea iradokitzen du, kontuan izanda “berrikuntza epe luzerako inbertsioa dela, eta beraz finantzaketaren egonkortasuna funtsezkoa dela”.

Txosten osoa, ELGE/OCDEko kide diren herrialdeetako bakoitzaren ekonomia-politikak eta garapenak aztertzeko 18 hilabetean behin egiten dena, hemen irakur daiteke.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago