Badirudi arlo aeroespaziala modan dagoela Europako Rosetta zundak historia egin duenetik, lehenengoa izan baita kometa baten orbita egin eta bertan lurreratzen. Dena den, Euskal Herriko hainbat enpresak, erakundek eta ingeniarik hamarkadak daramatzate proiektuak garatzen eremu honetan.

Sener duela 40 urte hasi zen espaziorako produktuak lantzen. Gaur egun munduan lider da eguzki-plaka termoelektrikoak egiten, misio horietan garatzen den ekipamendu batetik sortuak. Egia esateko,  Rosetta zundak bi ekipamendu daramatza beraiek garatuak: bat, eguzki-erradiazioak alderdi teknikoari gehiegi eragin ez diezaion lortzeko, eta bestea komunikazio-antena bat hedatzeko. 

Bestalde, Ignacio Tancok eragiketa-ekipamendua zuzendu du “Philae”ren lurreratzean. Urnietako espazio-ingeniari hau duela 14 urte iritsi zen Darmstadt-en, Alemanian, dagoen Europako Espazio Agentziaren (ESA) eragiketa-zentrora. Erronka gauzatu badu, ume-umetatik espazio-zaletasuna izan duelako izan da, eta Amerikako Estatu Batuetan ikasteko beka ere lortu zuelako.

Gazteenen artean interesa eta ikaskuntza sustatzeko, FLL Euskadiko prestakuntzaren barruan, zenbait ikasle Espazio Ikasgela ikusten izan dira, eta espazio-arloko ikertzaile bat nola prestatzen den jakiteko aukera izan dute. EHUk NASAren Mars 2020 misioan hartuko du parte. Planeta Zientzien Taldeak zenbait parametro neurtuko dituen tresna garatzen eta ustiatzen lagunduko du, adibidez, gainazaleko ingurumen-presioa, aireko eta lurreko tenperatura, haizeak edo erradiazio ultramoreak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago