Munduak “berrikuntzaren eztanda” biziko du, iragartzen du Alberto García Erauzkinek. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astearen ospakizunaren harira, Innobasqueko presidentea komunitate berritzaileari zuzendu zitzaion Deia-ko orrialdeetan. “Mundu osoan hedaturiko espiritu ekintzaile berri bat” aipatu zuen, gaineratuz Euskadin “Erronka handia planteatzen zaigu(la): ingurune estimulagarria sortzea, belaunaldi berriek beren ahalmen guztia garatu ahal izan dezaten beren premiak asebetetzeko”.

 Hona hemen artikulua osorik:

 

 

 

 

BERRIKUNTZA ETA GIZA GARAPENA

Mundua etengabe ari da aldatzen. Aldaketaren kudeaketak epe luzerako ikuspegia eskatzen du eta bultzada etengabea, etorkizunerako zehazten den ikuspegi hori gauzatzeko. Europak jada lan egin du horretan, eta 2020rako Plan bat finkatu du. Euskadi, Europan erreferente den eskualde gisa, konprometiturik dago 2020 ikuspegi horren garapenarekin, eta hori gauzatzeko urratsak egiten ari da.

Datozen 6 urteotan, hemendik 2020ra, beste 500 milioi pertsona iritsiko dira mundura, hau da, 500 milioi buru berri sartuko dira ekonomiaren zirkuituan. Hori interpreta daiteke pentsatuz bezero izan daitezkeen beste 500 milioi lagun, lehen ez zeudenak, izango ditugula, premia berriekin eta erosteko ahalmen handiago edo txikiagoarekin. Baina bezero gisa ikusteaz gain, belaunaldi berri honi buruz beste era batera ere pentsa daiteke, hau da, ingurune (global eta digital) konektatuan jaioak izango direla, jarduera guztietara iristen den ingurunea, mundu osoan hedaturiko espiritu ekintzaile berri batek blaitu.

Badira gizabanako konektatuak, lehen enpresa handiek bakarrik egin zezaketena egiten dutenak, eta badira enpresa konektatuak, lehen estatuek bakarrik egin zezaketena egiten dutenak. Gure lehiakideak jada ez dira enpresa edo korporazio handiak bakarrik, baita ere Silicon Valley edo Bangaloreko coworking edo lankidetzetatik azken online tresnak erabiltzen ari direnak, hurrena merkaturatuko duten prototipoa diseinatzeko eta hurbilen duten 3D inprimagailuan eginarazteko.  

Noski, azken urteotako berrikuntzaren erritmoa oso lasterra izan dela ukatzerik ez dago, eta ziur asko oraindik ere zerikusi asko geratzen da. Datozen urteetan, berrikuntza-eztanda baten lekuko izango gara, berrikuntzara emaniko milioika pertsona berri izango baita.

Eta Euskadin? Gure Herrian gutxi gorabehera 100 eta 150 mila euskaldun berri jaioko dira, hor sartu gabe beste lurralde batzuetatik etorri eta Euskadi adopzioko herrialde bihurtu nahiko dutenak. Erronka handia planteatzen zaigu: ingurune estimulagarria sortzea, belaunaldi berriek beren ahalmen guztia garatu ahal izan dezaten beren premiak asebetetzeko, eta aldi berean egungo 2 milioi inguru pertsonen garapena bultzatzen jarraitzea, eta hori era iraunkorrean egitea.

Euskadin berrikuntza egin dugu, eta arrakastaz gainera, eta azken urteotan krisia dela-eta erritmoak nozitu badu ere, egungo egoeran inguratzen gaituzten gertaerek aldagai berriak sartzeko beharra indartzen dute, giza duintasunarekin, enplegu-eskubidearekin, eta horren banaketarekin, edo balioak berreskuratzearekin zerikusia duten aldagaiak. Horrek guztiorrek erronka horiei ere irtenbidea eman behar dien berrikuntzaren premia planteatzen du, azken batean, giza garapen iraunkorrak planteatzen dituen erronkak baitira.

Berrikuntzak, gero eta gehiago, babestera eta sortzera zuzenduta egon behar du. Badaukagun eta lortzea hainbeste kostatu zaigun giza garapenaren maila babestera. Garapen berria sortzeko aukera berriak aztertu eta gauzatzera. Eta babestu eta sortzeko, bulkada berritzailea azeleratu behar da. Etorkizunak, ikusten ari garenez, berrikuntza eskatzen du, baina batez ere jendearen bizitzan eragingo duen berrikuntza. 

Eta pertsonen euren balioa, faktore kritiko gisa sar dezala ikuspegi bikoitzetik. Lehenengoaz, pertsonei buruz berrikuntzaren subjektu aktibo gisa, askotan hitz egin dugu, eta “berrikuntza pertsonek egiten dute” baieztapena oso ezaguna da jada. Baina orain bigarren alderdi bat azpimarratu behar da, hau da, berrikuntzak zentzua du horren onuradunak pertsonak baldin badira bakarrik. Begien bistakoa dirudi horrek, betetzeko premisa erraza ere bai, baina bizi ditugun garai hauetan erronka handi bihurtzen da.

Ondorioz, eta ikuspegi honetatik, gure enpresek eta gure pertsonek askoz berritzaileagoak izan behar dute, beren lehiakortasuna indartu eta hobetzeko, eta hori giza garapenaren ikuspegitik ulertuta, hau da, lehiakortasunean aurrerapen gisa ulertuta gizarte-ongizate handiagoa sortzeko. Baina berrikuntza, zertan? Zer esan nahi du “berrikuntzak”? Nola dakigu berrikuntzan ari garela? Zer emaitza espero ditugu? Zer eragin dute pertsonon bizitzan? Itxuraz errazak diren galdera hauei erantzuteak lan pixka bat eska diezaguke, baina baita bide-zidor asko eskaini ere. Beraz, ez gaitezen izutu. Arazo edo erronka bat lokalizatu, diagnostikoa egin, “bestelako” konponbide bat diseinatu eta arrakastaz ezartzen dugunean, orduan egin dugu berrikuntza. Eta horretarako ez da beharrezkoa beti irtenbide iraultzaile bat aurkitzea, baita ere baliozkoak dira “hain txikiak ez diren” etengabeko berrikuntzak (modernizazioa, jarduerak hedatzea, ezberdinen arteko ahaleginak uztartzea baterako proiektuetarako), hazten jarraitu ahal izan dezagun, horietatik asko elikatzen direlarik gure enpresak, nazioarteko merkatuetan eraginkortasunez lehiatzen direnak.

Berrikuntza prozesu egokia da eguneroko tresnek gure helburuak lortzea ahalbidetzen ez digutenean, eta, ondorioz, erronka handiak aukera handi bihurtzen dira. Lor daitekeenaren eta lortu behar denaren artean “gap” bat dagoenean, orduan funtzionatzen du ongien berrikuntzak, tresna berriak eta ikuspegi berriak sartzen baititu. Orain Euskadin aukera handi bat dugu Basque Industria 4.0-k zehazturiko esparru estrategikoari esker, eta Espezializazio Adimendunerantz bideraturiko ildo estrategikoen zehaztapenari esker ere bai (Estrategia RIS3).

Imajina dezakegun bezala, honek guztiak heltze-aldi bat eskatzen du. Berrikuntzak ez du ongi funtzionatzen larrialdiko balbula gisa, ez da piztu eta itzali egiten den etengailua. Pertsonengan jarrerak txertatzen dituen prozesua da, profil berriak sortzen dituena, gauzatzeko, gaitasunak ildo berean jartzeko, erakundeen kultura aldatzeko, jardunbiderik egokienak ezagutzeko eta horietatik ikasteko denbora eskatzen duen prozesua da. Gauza hauetako asko jada gauzatzen ari gara, pertsona berritzaile asko baitago Euskadin itzalean.

Horregatik, orain, 2014an, beharrezkoa da ikusgaiago egitea –Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astean bezala– Euskadiko pertsona berritzaileen konpromiso irmoa gure herrialdeko erronkekin (langabeziarekin, lehiakortasunarekin, osasunarekin, zahartzearekin, ingurumenarekin…), hau da, giza garapen iraunkorrak planteatzen dituen erronkekin. Daukaguna babestea, eta garapen berria sortzea. Berrikuntza aldarrikatu behar baita, gure herrialdearentzat behar dugun garapen horren motor gisa. Eta lanean jarraitu behar baita, Euskadi lurralde berritzaile gisa proiektatzeko.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago