Nola lortu ikaskuntza errazagoa eta dibertigarriagoa izatea? Nola irakatsi dakizuna beste pertsona batzuei? Zein prozesu edo tresna berrik lagunduko lieke pertsonei ikasitakoa denbora luzeagoan atxikitzen? Egin daiteke beste era batera?

First Lego League (FLL) taldeek galdera horien erantzunak aurkituko dituzte aurtengo edizioan. 70 herrialdetako 9 eta 16 urte arteko 230.000 gaztek martxan jarri dituzte neuronak eta hasi dira pentsatzen nola diseinatu berriro ezagutza edo jakintza gorde eta trebetasunak garatzeko era XXI. mendean. Neska-mutikoen taldeek helduei irakatsiko diete ikasi nahi eta ikasi behar dutenaz.

Euskadiren kasuan, 73 talde, edo beste era batera esanda, 700 ikasle baino gehiago, dagoeneko lanean ari dira aurtengo erronkan: jendeari ikasten laguntzeko era berritzaileagoren bat aurkitzea. Irtenbideak ikaskuntza-esperientzia hobetu behar du. MikroFLL delakoetan parte hartzen duten 73 talde horietatik 35ek abenduaren 13an nazioarteko lehiaketa honen euskal finala jokatuko dute Euskaltelek Derion duen egoitzan.

Urtero bezala, talde bakoitzak:

  • robot bat eraiki, test bidez probatu eta programatu egingo du Lego Mindstorm piezak erabilita;

  • erronka bat aukeratuko du eta irtenbide berritzailea emango dio zientzia-proiektu baten bidez;

  • hori guztiori lehiaketaren balioak (talde-lana, sormena, aurkariari begirunea, lankidetza) kontuan hartuta.

FLL Euskadi Innobasquek bultzatzen duen Berrikuntza Eskolaren parte den ekinbide bat da. Euskaltel Fundazioak bultzatzen du, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Tecnalia, IK4 Research Alliance eta Euskal Herriko Telekomunikazioko Ingeniarien Eskolak ere.

Berrikuntza Eskolak euskal hezkuntza-sistema prestatzen du berrikuntzan, gazteak Berrikuntzako Euskal Sisteman sartzen ditu eta bere eragileak inplikatzen ditu.  FLL Euskadi kirol-ekitaldi baten formatua duen lehiaketa da, zientzia, teknologia eta berrikuntza sustatzeko paradigma sortzaile, taldeko, zirraragarri eta dibertitu berri batean oinarritua.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago