ISEA-Enpresako Zerbitzu Aurreratuetan Berrikuntza Zentroak metodologia berritzailea sortu du negozio berriak abiarazteko: “Lanzadera”. Mikel Orobengoak, Mondragon Korporazioko kooperatiba honen zuzendariak,  metodologia hori zertan datzan eta arrakastaren gakoa non dagoen azalduko digu. 

Zein dira akatsik ohikoenak ekintzailetzan hasterakoan?

Oro har, ekintzailetza-prozesuek batere eraginkorra ez den errendimendua aurkezten dute, Amerikako 40 Venture Capital nagusiek “urre-aroan”, 1980 eta 2000 urteen artean, egindako inbertsioen biziraupen-tasak agerian uzten duen bezala, tasa hori %25,70 ingurukoa izan baitzen. Stanford Unibertsitatean gauzaturiko “Start up-aren genoma” proiektuaren esparruan garaturiko ikerketaren emaitzek zera erakusten dute: azterturiko enpresen %74k porrot egin zutela era goiztiarrean edo sendotasunik gabe garatu zirelako. Horrek esan nahi du sendotasunik gabeko start up-ek dirutza garrantzitsuak eta baliabideak gastatu zituztela zalapartaka, negozio bideragarri baten eredua zehazturik zuten beharrezko ebidentziarik gabe. 

Zertan datza La Lanzadera?

Negozio berrien “Lanzadera” delakoaren helburua enpresa-proiektu berriak abiarazteko prozesua dinamizatzea da. Kontua da ikaskuntza-esperientzia praktiko bat gauzatzea: nola bihurtu negozio-ideia bat benetako enpresa, enpresa-jarduera berri bat abiarazteko lehen faseetan ekintzaileak esperimentatzen dituen benetako baldintzak bizi ahal izan ditzan parte-hartzaileak.

Kontua ez da Negozio Plan bat idaztea, baizik eta aktiboki lan egitea enpresa baten sorkuntzan.  Oinarrizko baldintza da parte-hartzaileek aurrez aurreko saioen artean igarotzen duten denboraren zati garrantzitsu bat benetako bezeroekin interakzio edo eragin-trukean erabiltzea. “Lanzadera” ikaskuntza aktiboko esperientzia da, zazpi moduluz osatua, enpresa-proiektu bat 6 hilabeteko denboraldian garatzea ahalbidetzen duena.  

Zertan bereizten da beste ekintzailetza-programa batzuetatik?

Normalean erabiltzen diren euskarri metodologikoak, Negozio Plan baten lanketan oinarrituak, ezegokiak direla ikusi da ekintzailetza-prozesuen garapenerako. Ekintzailetza esplorazio-kontzeptuarekin elkartzen da. Serieko ekintzaile eta unibertsitate-irakaslea den Steve Blank-en arabera, startup-ak negozio-eredu bideragarri bat esploratu eta identifikatzeko diseinaturiko erakundeak dira, erreproduzitu eta garatzeko gai direnak. Funtsean, start-up batek gauzaturiko esperimentazioaren helburua zera identifikatzea litzateke: nola sortu negozio iraunkor bat ikuspegi batetik abiatuta.

Testuinguru honetan, ekintzailearen lana izango litzateke lehenbailehen diagnostikatzea ea bere negozio-eredua zuzena den, jarduera berria abiapuntuko hipotesien arabera portatuko den edo ez behatuz. Horretarako, beharrezkoa da balio-proposamenaren baliotasuna ebaluatzea, bezeroak beren ingurunean behatuz: Steve Blank-ek dio gehienetan bezeroak ez direla portatzen negozio-ereduan suposatzen den bezala.

Ondorioz, hainbat esperimentazio- eta ikaskuntza-ziklo beharko dira, negozio-eredu baliotsua lortzeko: erronka da jarduera abiarazteko dauden baliabideak agortu baino lehen egitea.

Orduan, Negozio Plana ez da eraginkorra?

Negozio Planaren eredu konbentzionala ez da erreferentzia eraginkorra ekintzailetza-prozesua kudeatzeko, bere helburua bestelakoa delako. Jada ezarrita dauden enpresak saiatzen dira eraginkortasunez lan egiten ezaguna den arazo bat konpontzeko testuinguruan, plangintza eta gauzatzea azpimarratuz, etab. Ekintzailea erabat bestelakoa den esparru batean mugitzen da: arazo egokiak identifikatu behar ditu (bezeroen zein arazo diren negozio-aukera bat sor dezaketenak) eta gero soluziobiderik egokiena bilatzen saiatu (bezeroentzat arazo bat eraginkortasunez konpontzen duen balio-proposamena). Horregatik guztiagatik, beharrezkoa da erreferentzia-eredu berri bat asmatzea enpresa-jarduera berrien abiaraztea kudeatzeko.

Nola lortzen duzue parte-hartzaileek benetan eragin-trukean aritzea bezeroekin?

Negozio berrien “Lanzadera”ren aurrez aurreko saio bakoitzean agertu aurretik, parte-hartzaileek gutxienez 10 elkarrizketa egin behar dituzte bezero izan daitezkeenekin, bezeroekiko interakzioetan ateratako irakaspenak sintetizatu eta start up-aren esplorazio-jardueraren aginte-panela eguneratu.

Nori zuzenduta dago programa?

“Lanzadera”ren garapena Mondragon Korporazioan sartutako kooperatibek eta ekintzailetza-zentroek sorturiko negozio-aukerak eraginkortasunez ustiatzeko beharrezko gaitasun ekintzailea garatzeko zereginetan kokatzen da. Horregatik, MONDRAGONeko Business Acceleration Center-en (BAC) garapen metodologiko berri hau Mondragon Korporazioan diharduten ekintzailetza- eta sustapen-unitate guztien eskura dago.

Berehala, negozio berrien “Lanzadera” MONDRAGONeko BAC-en enpresa-jarduera berriak abiarazteko proiektuen 4. belaunaldian aplikatuko da: Etorkizuna Elkarrekin Eraikiz! (E3!) ekinbidea da, eta bertan 10 kooperatibak hartzen duten parte.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago