Innobasquek programazio-ikastaroa antolatu du emakumeentzat Koldo Olaskoaga eta Mireia Viladomiu-rekin, Berdintasunerako 2014 Foroaren programaren barruan kokatuta. Horrela azaldu zuen Esti León-ek, Innobasqueko proiektu-buruak, Radio Bilbaoko “Hoy por hoy” irratsaioan. 

Gainera, eta oraindik gizonezkoak nagusi diren ingurune batean zientzia-emakumeek aurrean dituzten erronkak eta zailtasunak aztertzeko, topaketa bat antolatu da Andrea Blanco-rekin; berak emakume teknologoari ematen zaion Ada Byron 2014 Sariaren accesita jaso du asko ez dela.

Andrea Blanco ingeniaritzan doktorea da eta teknologia fotoniko aurreratuetan ikertzailea. Gaztea izan arren Astoneko unibertsitateak beka eman dio eta Europar Batasuneko Marie Curie beka jaso du Sidneyko Unibertsitatean. Gaur egun Tecnaliaren Unitate Aeroespazialean lan egiten du.

Badirudi egunetik egunera emakumezko gehiago dagoela zientzietako graduetan eta, hala ere, ematen du gizonezkoena bakarrik den mundu bat dela. Nola azaltzen da hori?

Egia esateko, ikerketaren lan-eremuan askoz ere gehiago dira gizonak emakumeak baino, nahiz eta ez arlo guztietan. Orain lan egiten dudan lekuan, Tecnalian, Bizkaiko zientzia-zentro batean, oreka ona dago gizon eta emakumeen artean, baina egon naizen azken lekuan, Sidneyko unibertsitatean, %10ekoa izango zen emakumearen presentzia.

Zientzietako ikasketetan horrenbeste emakume aritzea berri samarra da. Uste dut denbora igarotzen utzi behar dela orain arte izan den gizonezkoen presentzia handi hori konpentsatzeko, eta horrela pixkanaka emakumeok ere sartuz joango gara eta egoera orekatuz joango da.

Dena den, ea emakumeek oztopo handiagoak izango ote dituzten lan-munduan sartzeko? Baliteke… Nik neuk ezin dut ezer esan. Izan ere, beti berdin tratatu naute, gizonekiko alderik gabe.

Eta aitortza urri hori, zergatik da? Emakume gutxi iristen direlako, bidean aurkitzen dituzten oztopoengatik ala emakume gutxi daudelako benetan zientziara emanak?

Nire ustez, faktore askoren ondorioa da. Egia da gizon beste emakume dagoela doktoregoarekin, baina gero emakume gutxiagok jarraitzen du ikertzaile-bidean aurrera. Arrazoiak askotarikoak izan daitezke: beste bide bat aukeratzen dutelako, beste lehentasun batzuk dituztelako edo zailagoa gertatzen zaielako bidean jartzen zaizkien oztopoengatik.

Neurri batean, geure ardura ere bada, emakumeona. Kosta egiten zaigu gure lorpenak azaltzea, egiten duguna adieraztea. Ez dakit kultura-arazoa den, horrela hezi izan gaituztelako edo… Egia esateko, askotan arraro sentitzen zara, egin duzun guztia kontatzen edo zeure lorpenak curriculum batean jartzen. Joera hori txikiagoa da gizonezkoen artean. Beraiek naturalago esaten dute eta guri gehiago kostatzen zaigu.

Eta programatzeko kezka, nola sortzen da? Eta zer egin ez dakien neska gazte bati, nola sar dakioke programatzeko joera hori?

Motibazio bat izan behar duzu. Zerbaitetarako balio behar dizu. Nik telekomunikazioetako ingeniaritza ikasi nuen eta beste gauza askoren artean programazioa ikusi nuen. Ez zidan arreta bereziki deitzen. Baina ikertu nahi nuen eremuan (argia, fotonika…) sartzen hasi nintzenean, konturatu nintzen programatu beharra neukala neure esperimentuak nola inplementatu jakiteko, adibidez nire esperimentuen fisika ulertzeko edo argiaren fisika ulertzeko, sistemak modulatu, sistemak simulatu eta abar eginez… Hori izan zen nire motibazio pertsonala.  Programatzen ikasten duzu zerbaitetarako programatu behar duzunean, horretarako nahi duzunean. Niretzat oso garrantzitsua da aplikazioa, erabilgarritasuna ikustea. Eta programazioa erabilgarria da ia gauza guztietan.

Motibazioarekin bakarrik ez da nahikoa izango… Zer egin behar du emakume batek zientziaren munduan aitortza irabazteko?

Batez ere eta garrantzitsuena zeure buruari mugarik ez jartzea da. Kanpotik jarri behar badizkizute, jarriko dizkizute. Baina guk okerrago prestaturik gaudela sentiarazten digun konplexua bertan behera utzi behar dugu.

Bigarrena da beldurrik ez izatea. Egia da gizonezkoen mundua dela, baina ez da ezer gertatzen. Gizonezkoa edo emakumezkoa izan, pertsona zara.

Lortu daiteke parekotasuna gizonezkoen eta emakumezkoen artean?

Nire ustez, erronketako batek ikusgaitasuna gehitzea izan behar du. Izan dira kasu lazgarriak: emakumeek egin zientzia-aurkikuntza oso garrantzitsuak ─fisio nuklearra, adibidez─ eta hori bazter uztea. Nik uste dut beste motibazio bat gehiago dela: biharko emakumeei guk izan duguna baino mundu hobea uztea, beraiek baldintza-berdintasunean abiatu ahal izan daitezen.

Aurreiritziak ahaztu egin behar ditugu. Zientzialaria zara, programatzailea edo izan nahi duzuna zara. Pentsatu behar dugu benetan baldintza-berdintasunean gaudela eta gainerako guztiaz ahaztu.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago