Ia 3.000 pertsona ari dira lanean Demokrazia eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zurian, Eusko Jaurlaritzak sustatzen duelarik Innobasqueren laguntzaz. 2012-2016 gobernu-programaren dokumentu hau prestatzeko, Jaurlaritza hainbat talderekin ari da lanean. Honela, demokrazia parte-hartzailean sakontzen da biziberritze politikoaren proiektu batekin, herritarrekin elkarrizketa suspertzen duena eta gobernantza-eredu berri bat definitzen duena, parte-hartzaileagoa, gardenagoa, sinesgarriagoa eta alde guztien artean konfiantza eta konpromisoa sortzeko gaitasun handiagokoa.

Hori lortzeko, lankidetzazko zenbait jardunaldi ari dira gauzatzen. Bilbon eta Gasteizen egindakoen ondoren, datorren ekainaren 13an beste bat egingo da Donostian. Parte hartu nahi dutenek esteka honetan eman behar dute izena.

Aldi berean, prozesu espezifikoak ari dira garatzen hainbat kolektibo eta elkarterekin. Orain arte Down Sindromea Fundazioaren “Entzun gure nahia” taldearekin, Durangoko Maristen ikastetxearekin, Barakaldoko El Regato ikastetxearekin, Mondragon Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Harresiak Apurtuz-ekin egin da elkarlana. Laster boluntario, nagusi, langabe, haur, adimen-urritasuna dutenen eta auzo-elkarteen ordezkariekin irekiko dira prozesuak.

Liburu zuriak dokumentu ofizialak dira, politika espezifiko baterako proposamen zehatz bat daukatenak eta egoera zehatz baten eta dauden joeren azterketa sakona egiten dutenak. Honek zehazki kudeaketa-eredu burokratikoak gainditu nahi ditu eta horien ordez herritarrekiko elkarrizketa erraztuko dutenak jarri, arazoak jorratu, entzun eta irtenbideak partekatzeko.

Euskadirako Demokrazia eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuriak Administrazioaren eta euskal gizartearen arteko harremanak birformulatzeko balioko du, gizarte-eskaerak kudeatzeko mekanismo berritzaileen bidez. Dokumentuak konpromiso-ariketa suposatzen du Administrazioarentzat, eta erantzukizun-ariketa herritarrentzat.

Dokumentua egiteko interes-taldeak, agente espezialistak eta antolatu gabeko herritarrak ari dira parte hartzen. Gainera, talde sustatzailea kontraste-talde batean oinarritzen da, Innobasque orientatu eta testua idazteko gomendioak eskaintzen dituena. 15M Mugimendu, Parte Hartuz, ColaBoraBora, Helduak Adi, UPV/EHU, Deustuko Unibertsitate, Mondragon Unibertsitate eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariek osatzen dute taldea.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago