Irekita daude Marie Curie bekak eskatzeko deialdiak, Europako Batzordearen laguntzak edozein adin eta nazionalitatetako ikertzaileentzat. Datorren ekainaren 4an “Infoday Horizon 2020: Marie Sklodowska-Curie” jardunaldia izango da eta bertan laguntza hauek eskatzeko argibide garrantzitsuak eta orientabideak emango dira. Elkarrizketa pertsonalizatuak ere hitzartu ahal izango dira. Beka hauetara 6.162 milioi euro baino gehiago esleitu dira 2014-2020 denboraldirako.

Marie Sklodowska-Curie ekintzek bikaintasuna eta berrikuntza sustatzen dituzte Europan lehiakortasuna areagotzeko. Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek antolatuta, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioarekin (Fecyt) eta Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioarekin (Mineco) lankidetzan, datorren ekainaren 4an informazio-jardunaldia antolatu dute Bizkaiko Teknologia Parkean. Han, Europako Bulegoko National Contact Point-ekin hitz egiteko, proposamenak berrikusi eta zalantzak argitzeko aukera izango dute bertaratuek.

Marie Curie bekek aukera ematen diete ikertzaileei atzerrian eta sektore pribatuan esperientzia lortzeko, baita beren prestakuntza osatzeko ere beren ibilbiderako oso erabilgarriak izan ditzaketen beste gaitasun edo jakintza-arlo batzuekin. Beka hauek Horizon 2020 programaren parte dira. Bekak ikertzaileentzat eta berrikuntzan ari direnentzat dira beraien ibilbidearen etapa guztietarako, bai unibertsitateetan, ikertegietan, enpresetan… baita Europar Batasuneko kide diren herrialdeetako, herrialde elkartuetako eta hirugarren herrialdetako beste eragile batzuentzat ere.

2007tik 2013ra bitartean 4.000 Marie Curie beka baino gehiago eman zaizkie 50 herrialdetan lan egiten duten ikertzaileei, 90 nazionalitate baino gehiago ordezkatzen dituztelarik. Oro har, bekan bi urteko soldata sartzen da, mugikortasunerako kopuru bat, ikerketa-kostuak eta harrera-erakundearen gastu orokorrak.

UPV/EHU, BCBL, Tecnalia, Eusko Jaurlaritza, Europako Bulego eta  Ikerbasque-ko ordezkariek honelako proiektu bat arrakastaz kudeatzeko eta beka ospetsu hauek lortzeko nola jokatu behar den azalduko dute.

Jardunaldira joateko aski duzu hemen erregistratzea.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago